bideON ARRATIANek eskaeraren araberako garraio-zerbitzu jasangarriaren ordutegia luzatu du 65 urtetik gorakoentzat eta unibertsitateko gazteentzat

  • Une honetatik aurrera, 65 urtetik gorakoentzako zerbitzua 8:00etatik 14:00etara bitartean emango da, udaletxeetan, osasun-zentroetan, farmazietan, saltokietan, banku-bulegoetan edo kutxazainetan mota guztietako kudeaketak egiteko.
  • Unibertsitateko gazteentzako taxi partekatu zerbitzuak, klaseetako sarreretara eta irteeretara egokitutako joan-etorriko ordutegi berriak ditu.

Igorren, 2024ko apirilaren 22an. bideON ARRATIAN Arratiako bederatzi udalerrietako –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri– 65 urtetik gorakoentzako eta unibertsitateko gazteentzako eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak, ordutegiak luzatuko ditu aste honetatik aurrera.

Adinekoen kasuan, zerbitzua 8:00etan hasteak erraztu egingo du erabiltzaileak Galdakao-Usansoloko Ospitalean eta eskualdeko osasun-zentroetan baraurik egiten diren analisi-probetara joatea. Hala, garraioa eskariaren arabera erabiltzeko aukera ordubete luzatuko da goizean eta ordubete eguerdian, 14:00etan amaituz.

Taxi partekatuaren ordutegi berri horren helburua zerbitzu hobea eta adinekoen benetako beharretarako egokiagoa eskaintzea da. Horrela, 8:00etatik 14:00etara, 65 urtetik gorakoen kolektiboak etxeko atetik eskualdeko hiriguneetara joateko erabil dezake zerbitzua, udaletxeetan, osasun-zentroetan, Galdakao-Usansolo Ospitalean, farmazietan, saltokietan, banku-bulegoetan edo kutxazainetan, baita Galdakaoko eta Arratiako Egoitzako anbulatorioetan ere, mota guztietako kudeaketak egiteko. Jatorria eta helmuga Arratia eskualdean duten joan-etorrien kasuan, zerbitzuaren prezioa euro batekoa da (BEZa barne) ibilbide bakoitzeko, eta 1,50 eurokoa (BEZa barne) Galdakao-Usansoloko Ospitalera eta Galdakaoko anbulatoriora joanez gero. Beharrezkoa izanez gero, bideON ARRATIAN zerbitzuak talde horretako erabiltzaileei lagunduta joateko aukera ematen die; kasu horretan, bi ibilbideren prezioa ordainduko da. Zerbitzuak ibilgailu egokitu bat eskatzeko aukera ere ematen du.

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak fase pilotuan finantzatutako Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimenak ordutegi eskaintza handiagoa emango die Arratian erroldatutako unibertsitateko ikasleei, Bilboko eta Leioako campusetara eramateko. Horrela, unibertsitateko taxia 6:45ean eta 7:30ean, abiatuko da Zeanuritik goizeko txandetarako eta eguerdiko 12:30ean eta 13:45ean arratsaldean matrikulatutako ikasleentzat. Leioako UPV/EHUko fakultateetatik itzulera 13:45ean, 15:15ean eta 18:45ean izango da, eta ordu laurden geroago ikasleak biltzeko geldialdia egingo da Bilbon. Unibertsitateetarako bidaien prezioa 1,50 eurokoa da (BEZa barne) ibilbide bakoitzeko. Zerbitzuak ikasleak Bizkaibuseko geltoki batera edo Euskotrenek Lemoan duen geltokira eramateko aukera ere ematen du, unibertsitate-campusetara hurbiltzen dituen garraio publikoarekin lotzeko (kasu horretan, kostua euro batekoa izango da, BEZa barne).

Arratiako eskualdea bederatzi udalerrik osatzen dute –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri–, eta hirigunetik, eta, beraz, bertako zerbitzu nagusietatik, urrun bizi diren hainbat biztanleria-eremu sakabanatu ditu. Zerbitzu horien artean daude udaletxeak, osasun-zentroak, farmaziak, banketxeetako sukurtsalak eta kutxazainak, herritarrentzat interesgarriak diren beste gune batzuen artean, bai eta prestakuntza-gune eta unibertsitate-campus nagusiak ere.

Lurraldearen sakabanaketa horren ondorioz bertako bizilagunentzat benetako erronka da egunero leku batetik bestera joatea; izan ere, eskari gutxiko eta maiztasun aldakorreko joan-etorriak dira, eta, ondorioz, garraio publiko tradizionala ez da eraginkorra eta bideragarria, bere kostu handia dela-eta.

Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimen berritzaile horren helburua ibilgailu pribatuaren mendekotasuna murriztea da, bai eta CO2 isuriak gutxitzea ere, eta, aldi berean, eskualdean bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzea, gidari profesionalekin egindako garraio seguruaren bidez, lehendik dagoen garraio publikoko zerbitzua osatuz.

Bizkaiko Foru Aldundiak 900.000 eurorekin finantzatu du proiektuaren fase pilotua. Fase hori urtebetez luzatuko da, eta horrela, Herri Txiki, Aukera Handi prozesu parte-hartzailearen bidez eskualdean identifikatutako erronka nagusietakoa gauzatuko du. Prozesu hori foru erakundeak jarri du abian Bizkaiko udalerrietako bizi-kalitatea hobetzeko, zerbitzu publikoen bidezko eskaintza ekitatiboa emanez.

Contact us

Fill in the form below or give us a call and we'll contact you. We endeavour to answer all enquiries within 24 hours on business days.