bideON ARRATIAN, eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak, 2.000 bidaia egin ditu jardueraren lehen bost hilabeteetan, eta erabiltzaileek bikain baloratu dute
- BideON ARRATIAN garraio jasangarriko proiektu pilotu berritzaileak 1.350 bidaia egin ditu 65 urtetik gorako pertsonekin, 625 bidaia unibertsitateko ikasleak eramanez eta mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako 25 zerbitzu.
- Eskualdeko bederatzi udalerriren batean –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri– erroldatutako erabiltzaileek bikain baloratu dute zerbitzua: 5etik 4,9 puntu eman dizkiote zerbitzuari, 5etik 5 puntu erabiltzaileari emandako arretari, 5etik 4,8 puntu gidariari eta 5etik 4,9 puntu erabilitako ibilgailuari.
- Otsaila eta ekaina bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimenak, batez ere landa inguruneak osatzen duen eta erdigunetik urrun, sakabanatuta bizi diren biztanle asko dituen gunea funtsezko zerbitzuei eta konektibitate-zentroei lotutako eskualde bihurtzea bultzatu du.
Igorren, 2024ko uztailaren 16an. Eskaiaren araberako bideON ARRATIAN garraio-zerbitzu jasangarriak erabiltzaileen erantzun bikainarekin bete ditu jardueraren lehen bost hilabeteak. Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimenak 2.000 bidaia egin ditu aurtengo otsaila eta ekaina bitartean. Horietatik 1.350 (% 67,5) 65 urtetik gorakoei dagozkie, 625 (% 31) unibertsitateko ikasleei eta 25 (% 31) desgaitasuna duten edo mendekotasun egoeran dauden pertsonei.
Bidaien % 31ren jatorria Igorre izan da, % 17 Galdakao-Usansoloko ospitalea, % 12 Dima, % 10 Zeanuri, % 6 Artea, eta gainerakoak Lemoa, Areatza, Arantzazu eta Galdakaoko anbulatorioa.
Bidaia horien helmugei dagokienez, gehien eskatu den lekua bidaien % 26 jaso duen Igorre izan da, eta ondoren Galdakao-Usansolo Ospitalea, bidaien % 22arekin, EHU Unibertsitatea, Leioan, % 12arekin, eta Bilboko unibertsitate-campusak, % 9arekin. Gainerako helmugak Dima, Zeanuri, Artea, Areatza, Bedia eta Arantzazu izan dira.
Azpimarratu behar da erabiltzaileek modu bikainean baloratu dutela zerbitzua: 5 puntutik 4,9 puntu eman dizkiote zerbitzuari, 5 puntu erabiltzaileari emandako arretari, 4,8 puntu gidariari eta 4,9 puntu erabilitako ibilgailuari.
Fase pilotuan Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimenak eskualdeko bederatzi udalerrietako batean –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri– erroldatutako 65 urtetik gorakoei eskaintzen die zerbitzua. Kasu horretan, zerbitzuak etxeko atetik herriguneetara eramaten ditu erabiltzaileak, era guztietako kudeaketak egiteko udaletxeetan, osasun-zentroetan, farmazietan, saltokietan, banku-bulegoetan edo kutxazainetan. Galdakao-Usansoloko Ospitalera, Galdakaoko anbulatoriora edo Arratiako Egoitzara hurbiltzen dituen garraio-zerbitzua ere prestatu da kolektibo horrentzat.
Horrez gain, zerbitzuak, etxeko atetik Lemoa eta Zornotzara hurbiltzeko aukera ere eskaintzen die erroldatutako unibertsitateko ikasleei. Bertan, ikasketak egiten ari diren zentrora eramango dituen garraio publikoa har dezakete.
Zerbitzua, halaber, desgaitasun fisikoa, psikikoa, intelektuala edo sentsoriala edo mendetasunen bat duten pertsonei ere eskaintzen zaie.
Proiektuak duen helburu sozialarekin bat etorriz, zerbitzua euro bateko prezioan ematen da Arratia barruko joan-etorrietarako, eta 1,50 euroko prezioan helmuga eskualdeko muga geografikoetatik kanpo dagoenean.
Arratialdea bederatzi udalerrik osatzen dute, eta bertako biztanle-eremu asko sakabanatuta daude, herrigunetik eta, beraz, zerbitzu nagusietatik, urrun: udaletxeak, osasun-zentroak, farmaziak, banku-sukurtsalak eta -kutxazainak, besteak beste, bai eta herritarrentzako interesguneak, prestakuntza-zentro nagusiak eta unibertsitate-campusak ere.
Lurraldearen banaketa horrek bertako bizilagunak egunero leku batetik bestera joateko erronka planteatzen du, eskari gutxiko eta maiztasun aldakorreko joan-etorriak dira-eta.
bideON ARRATIANek pertsonen arteko adiskidetasunezko edo bestelako harremanak sustatzen ditu, pertsonak elkarrengana hurbilduz, bai ibilgailua partekatzean bai kanpoaldeko biztanleak herriaren jarduera-zentrora eramatean elkarrekintzan aritzeko aukera emanez. Modu berean, belaunaldien arteko harremanak errazten ditu Arratiako adinekoen eta gazteen artean.
Parte-hartzean oinarritutako zerbitzua da. Izan ere, inkesten bidez egindako hasierako diseinutik hasi eta eguneroko jarduerara arte, erabiltzaileen iritziak jasotzen dira, hobetzeko eta egokitzeko. Iritzi horien ondorioz, helmuga eta geldialdi berriak eskaini dira, eta erabiltzaileen kolektibo berrietara iritsi da.
bideON ARRATIANek jendeari informazioa emateko bulegoa du Igorren (Agirre lehendakaria, 11). Lokal horretatik ekimenari eta sisteman izena emateko aukerari buruzko informazioa eskaintzen zaie Arratiako bederatzi udalerrietako –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri– bizilagunei.
Bilatu
Azken albisteak
- Eskariaren araberako bideON ARRATIAN garraio-zerbitzu jasangarriak, jarduerari ekingo dio berriro ikasturtearen hasierarekin bat etorriz 06/09/2024
- bideON ARRATIAN, eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarriak, 2.000 bidaia egin ditu jardueraren lehen bost hilabeteetan, eta erabiltzaileek bikain baloratu dute 16/07/2024
- bideON ARRATIANek desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonei zabaldu die eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarria 29/05/2024
- bideON ARRATIANek eskaeraren araberako garraio-zerbitzu jasangarriaren ordutegia luzatu du 65 urtetik gorakoentzat eta unibertsitateko gazteentzat 23/04/2024
- bideON ARRATIANek Galdakao-Usansoloko Ospitalera zabalduko du 65 urtetik gorakoentzako eskariaren araberako garraio-zerbitzu jasangarria 18/03/2024