bideON ARRATIANek zerbitzuan jarraituko du hilabete batzuk barru, 10.000 bidaia baino gehiagorekin probaldia arrakastaz amaitu eta gero

  • Arratiako Udalen Mankomunitateak eta Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuriko udalek probaldia ekainaren 30ean itxiko duen eskariaren araberako garraio jasangarri zerbitzuari jarraipena ematea erabaki dute.
  • bideON ARRATIANek hilabete batzuk barru ekingo dio berriro jarduerari, dagozkion administrazio eta lege izapideak bete eta gero.
  • BIDEon ARRATIAN garraio jasangarriaren proiektu pilotu berritzaileak 10.000 bidaia baino gehiago egin ditu. Gehienak 65 urtetik gorakoek egin dituzte, guztizkoaren % 87, % 7 desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzako zerbitzuak izan dira, eta gainerako % 6 ikasleentzako bidaiak.
  • Erabiltzaileek bikain baloratu dute zerbitzua: 5etik 4,9 puntu eman dizkiote zerbitzuari, 5etik 5 puntu erabiltzailearen arretari, 5etik 4,8 puntu gidariari eta 5etik 4,9 puntu erabilitako ibilgailuari.

 Datorren ekainaren 30ean, bideON ARRATIAN garraio zerbitzu jasangarriak bere proiektu pilotua itxiko du, erabiltzaileen aldetik oso erantzun positiboa jaso eta gero. Probaldian, 2024ko otsailetik orain arte, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimenak 10.000 bidaia baino gehiago egin ditu. Horietatik % 87 inguru 65 urtetik gorako pertsonek egin dituzte, % 7 desgaitasuna duten edo mendekotasun egoeran dauden pertsonen kolektiboak, eta % 6 unibertsitateko, Goi Mailako Lanbide Heziketako edo Helduen Hezkuntzako ikasleek.

Arratiako Udalen Mankomunitateak eta eskualdeko udalek (Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri) zerbitzuari jarraipena ematea erabaki dute, baina beharrezkoa izango da hilabete batzuetan zerbitzua etetea, jarduerari ahalik eta lasterren berriro ekiteko beharrezkoak diren administrazio eta lege izapide guztiak bete arte.

Udalerrika, aldi horretan egindako bidaien % 30 inguruk Igorreko udalerria izan dute jatorri, % 13k Dima, % 6,6k Areatza, % 6,5ek Lemoa, % 5,3k Artea, % 4,6k Zeanuri eta % 3k Arantzazu, Bedia eta Ubide.

Bidaia horien helmugei dagokienez, Igorre, Euskotrenen geltokiarekin lotura  dagoen Lemoa eta Dima izan dira eskualdean gehien eskatu diren lekuak. Hiru udalerri horien ondoren, erabiltzaileak Arteara, Zeanurira, Diman dagoen Arratiako Mankomunitatearen egoitzara, Areatzara, Arantzazura, Bediara eta Ubidera joan dira, beheranzko hurrenkeran.

Eskualdetik kanpoko joan-etorriei dagokienez, Galdakao-Usansoloko Ospitaleak jaso ditu bidaia gehien, eta, ondoren, Galdakaoko Anbulatorioa eta Amorebieta-Etxano/Leioako campusera doan Bizkaibusen geralekua egon dira.

Ibilgailua modu partekatuan erabiltzeari esker, BideON ARRATIAN proiektu pilotuak atmosferara berotegi efektuko gasen emisioak murrizten lagundu du, eta 5 tona inguru CO2 aurreztea ahalbidetu du.

Nabarmentzekoa da erabiltzaileek bikain baloratu dutela zerbitzua: 5etik 4,9 puntu ematen dizkiote zerbitzuari, 5etik 5 erabiltzailearekiko arretari, 5etik 4,8 gidariari eta 5etik 4,9 erabilitako ibilgailuari.

Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu duen Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimenak, harrera desberdina izan du xede diren publikoen artean. Horrela, 65 urtetik gorakoen kolektiboaren artean zerbitzuak oso erantzun positiboa izan du, eta eskualdeko bederatzi udalerriren batean –Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri– erroldatutako adin horretako pertsonek euren etxebizitzatik hiriguneetara joateko eta udaletxeetan, osasun zentroetan, farmazietan, saltokietan, banku bulegoetan edo kutxazainetan era guztietako gestioak egiteko erabili dute zerbitzua. Kolektibo horrentzako Galdakao-Usansoloko Ospitalera, Galdakaoko anbulatoriora edo Arratiako Egoitzara hurbiltzeko garraio-zerbitzu bat ere prestatu da.

Bestalde, BideON ARRATIAN zerbitzuak eskualdean erroldatuta dauden unibertsitateko, Goi Mailako LHko eta HHIko ikasleei euren bizilekutik Lemoara (Euskotreneko geltokia) eta Amorebieta-Etxanora (Bizkaibuseko geltokia) hurbiltzeko aukera eman die, ikasten ari diren ikastetxera joateko garraio publikoa hartu ahal izateko.

Hala ere, ikasleen kolektiboak ez du asko erabili bideON zerbitzua, eta beste garraiobide erregular batzuk erabiltzea gurago duela adierazi du, betiere Arratiako eskualdean zehar maiztasun eta erabilgarritasun handiagoa eskaintzen badiete.

Zerbitzua desgaitasun fisiko, psikiko, intelektual edo sentsoriala duten edo mendekotasun egoeran dauden pertsonei ere eskaini zaie, adin-mugarik barik, 65 urtetik gorakoei eskaini zaien baldintza berberetan. Kolektibo horrek bideON ARRATIAN zerbitzuari buruzko oso balorazioa positiboa egin du.

Datozen egunetan, bideON ARRATIAN zerbitzua erabiltzaileekin harremanetan jarriko da, zerbitzua amaitzeko eta ordaindu gabeko saldoak berreskuratzeko eman beharreko pausoak jakinarazteko.

Contact us

Fill in the form below or give us a call and we'll contact you. We endeavour to answer all enquiries within 24 hours on business days.